XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

gure ikusmoldean historia guztia bat da (munduko historia, gizadiaren historia, herri eta tribu guztiena) eta helburu batera progresoan doa dena.

Historia, bakarra dago guztientzat (kulturak, aldiz, asko omen daude! Horiekin nekezago egiten da guztiekin zaku bat).

Hasieran, Mesopotamian edo, kultura handi batzuk argitzen dira ezerezean, inperio asiatikoak.

Hurrena Egipto agertzen da, faraoiak, piramidea; Mesopotamia hil eta desagertu egiten da liburuan.

Egiptori Grezia eder zoragarriaren kapituluak segitzen dio, denok maite dugunak.

Orria pasa eta Erroma handia, Mediterraneoa eta Europa osoa Inperio batean biltzen dituen potentzia militarra: Grezia desagertu egiten da betiko historiatik.

Ondorenean barbaroek betetzen dute Europa (progresoaren gezia ez da garbi ikusten nondik doan!).

Gero, berriro, nahastaldi hori gainditu eta Ernazimendua: Italia, Greziako eta Erromako artez betea.

Geroxeago, Espainia eta han eguzkia sartzen ez den Inperioa mundu zabalean, Frantziako Errege Eguzkia, Ingalaterra inperiala..., behetik gora beti, txandaka, lerro xuxen-xuxenean.

Eskema horretan, non gelditzen dira Yukatango maiak edo Chiapaseko indioak?

Ez dira inon gelditzen.

Lekurik ez dago historian horientzat.

Jakina, horiek ere, gero, Jainkoaren haurrak dira eta nolabait historiak, hau da, gure kontzientzia txarrak, errekuperatu beharra dauka ! eta atzeko atetik errekuperatzen ditugu: espainolak Mexikora joan ziren eta han holako eta halako kultura eta jendeak aurkitu zituzten, etc. .

Herri horiek ez dute beren historiarik; baina espainolen historiaren bitartez, birreskuratu egiten ditugu historiarako eta gure testuetan txoko bat aurkitzen ahal dute.

Holakoak historia gabeko herriak edo historia bazterreko herriak dira, XIX. mendean esan ohi zenez.

(Engelsek espreski historia gabeko herrien artean euskaldunak aipatzen ditu).

Hori zen XIX. mendeko historiaren ikuspegia: historia gizadiaren prozesio bat bezala helburu baterantz: klase gabeko gizartea, gizaki aske eta guztiz desalienatua, edo beste nolanahiko Azken Judizioa, gauzak betiko bere ordena zuzenean jarriko dituena.

Naturan eboluzio biologikoaren ereduaren antzera, giza historia eboluzio eta progreso bat legez ikusten da etapatan, aro batek bestea gaindituz, behetik gora igoz kulturan eta perfekzioan.

Eskema sinplea da, hortaz: historia herri boteretsu handiek egiten dute (garaileek) 1 Hobeto esan, Estatuek egiten dute (Botereak), ez herriek.; herri txikiak edo ahulak, garaituak, historiaren uhol bazterrean geratzen dira.

Herri handiek munduko borrokan borrokatu eta aurreratu egiten dute; herri txikiek, marginazioan, iraun; denbora bat iraun eta, gero, herri handiagoek irentsita, desagertu.